gipuzkoakultura.net

Logo de la Diputación Foral de Gipuzkoa
Logotipo gipuzkoakultura
2024ko abenduak 9, astelehena
Martin Ugalde
GIPUZKOAKULTURA.NET > IRAKURKETA GIDAK > MARTIN UGALDE
AURKEZPENA


Literaturaren historia betea dago bere kasa egin diren idazlez. Horietakoa dugu Martin Ugalde.Bizimodua ateratzeko egin behar izan zituen lanbide desberdinei gaineratu behar genizkieke 1936-37ko gerrak ekarritako jazarpena, ihesa, erbestea eta familiaren sakabanaketa. Deserrian, kulturgabetua da Ugalde. Baina herriminean edo diruketan babestu ordez, Amerikan sustraitu nahi izan zuen euskaldun gazte hark, hartan aurkitu Europan ukatzen zitzaion aberria. Venezuelak, gisa guztietako errefuxiatuen topaleku, errealitate anitz eta aberatsa eskaintzen zion. Saltzaile, ordezkari, erreportari... batetik bestera zebilela, Martin Ugaldek herritarrak eta etorkinak, egoerak eta hizketak ikasiko zituen. Maisuki idatzitako kroniken bitartez Caracas-eko etxe-orratzez landa dagoen errealitate gordina ageri du, eta aldi berean ageri du, gero eta bertakoago duen idazkeran, bere venezuelatartasuna. Kazetagintza ikasbide ona baldin badu ipuinerako, euskalduntasuna ukatua duen euskalduna izateak minbera bihurtzen baitu hizkuntzaganako: idazle bezala agiri delarik 1955ean Un real de sueño sobre un andamio ipuinarekin, osoro da Ugalde idazle latinamerikarra. Venezuelatartasunez izan ere, bertakotasunez.

Literaturaren historia betea dago fikziozko obra garatzeko berea ez beste hizkuntza hartu zuten idazlez, baina oso bakanak dira ostera hizkuntza nazionalera itzuli zirenak. Martin Ugalde bere burua bi aldiz egin dutenetakoa da.

Venezuelan sustraitua, egonkortua, obra saritu eta laudatu baten jabe zelarik, Ugaldek, euskaldun kontzientziatu eta ekintzale bezala, Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen. Hainbat arrazoi zeuzkan etortzeko: seme-alabak, lan politikoa... eta baita konpromisoa osotasunean ulertzeko gaitasun berezi bat ere, alegia, politikagintzak nor beraren liberazioa ekarri behar duelako uste sendoa; hots, eta bere belaunaldirako bereziki, euskalduntzea. Hirurogeita hamarreko urteetan bertaratzen denerako Ugalde idazle osoa eta egina zen, eta horixe eman nahi izan zion euskal kulturari, bere kazetari gaitasuna, bere idazle sena. Horrela hasi zen Martin Ugalde bere hizkuntza literario berriaz jabetzen, garai hartan euskara batuari buruz zebilen zurrunbiloaren erdian eta gure kulturari zetozkion molde berrien zaletasunean: kazetari, ipuinlari, nobelagile, konpromisoaren eredu, idazle profesionalaren adibide, euskarazko eta Latinamerikako narrazio laburraren maisu, Martin Ugalde ezinbesteko erreferentzia dugu egungo euskal literaturan.

Martin Ugalde Andoainen jaio zen (Gipuzkoa) 1921ean, eta bertako seme kutuna da. Ohorezko Euskaltzaina ere bada, eta Honoris Causa doktorea UPV-EHUn.

Koldo Izagirre

Licencia Creative Commons. Pulse aquí para leerla
2007 Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentua - Gipuzkoako Foru Aldundia
Para conectar con nosotros mediante skype pulse aquí
Logotipo Gipuzkoa.net. Pulsar para ir a la página de Gipuzkoa.net